Donostiako Zinemaldia

Donostiako Zinemaldia
Irudia
Map
MotaZinemaldi
Indarraldi1953 - 
Gertaeraren maiztasuna1 urte
KokalekuDonostia
HerrialdeaEspainia

Webgunesansebastianfestival.com
IMDB: ev0000588 Facebook: sansebastianfestival Twitter: sansebastianfes Instagram: sansebastianfes Youtube: UC6ScD2J0bxxAQhbsWcjraRw Edit the value on Wikidata

Donostiako Nazioarteko Zinemaldia urtero irailaren bigarren hamabostaldian Donostian (Gipuzkoa) antolatzen den zinemaldia da, Euskal Herriko zinemaldirik ospetsuena. Nazioarteko Zinema Ekoizleen Federazioak A maila goreneko zinemalditzat izendatua du.[1] Lehen ekitaldia 1953ko irailaren 21ean izan zen. Europan garrantzitsu, entzutetsu eta zaharrenetarikoa da, Espainian garrantzitsuena eta baita gaztelania hiztunen estatu eremu geografikoan ere. Egoitza nagusia Kursaal elkargunean du, halere zinemaldi honetako zenbait ekitaldi Victoria Eugenia antzokian ere egin ohi dira. Sari nagusiak Urrezko Maskorra film onenari eta ohorezko Donostia Saria dira.

2007tik aurrera zinemaldi honen euskarazko izendapen ofiziala Donostia Zinemaldia da (gaztelaniaz Festival de San Sebastián eta ingelesez San Sebastián International Film Festival).

Bere historiako gertakari garrantzitsuenetakoak honako hauek dira: Alfred Hitchcock zuzendariaren North by Northwest filmaren mundu mailako estreinaldia,[2] Star Wars sagaren europar estreinaldia, Tim Burton zuzendariaren Batmanen europar estreinaldia, Antonio Banderas eta Catherine Zeta-Jonesek antzeztu zuten The Legend of Zorro filmaren europar estreinaldia, edota Woody Allenen Melinda eta Melinda filmaren mundu mailako estreinaldia.

Bere mende erdi baino gehiagoko izatean, zinemaldiak zinema munduko talentu berri askoren aurkikuntza gauzatu du; era berean, jadanik sona handia zuten kontsakratutako nazioarteko izarren agerpena eta babesaz ere gozatu ahal izan du, horien artean Gloria Swanson, Bette Davis, Glenn Ford,[3] Gregory Peck, Elizabeth Taylor, Sophia Loren, Audrey Hepburn eta Alfred Hitchcock, edo Robert de Niro, Antonio Banderas, Pedro Almodóvar, Al Pacino, Woody Allen, Tim Burton, Javier Bardem,[4] Richard Gere, Glenn Close, Michael Douglas, Catherine Zeta-Jones, Mel Gibson, Demi Moore, Charlize Theron, Adam Sandler, Ben Stiller, Brad Pitt, Naomi Watts eta Ian McKellen daudelarik. Bere aurrekontu estuak eta gainontzeko nazioarteko zinemaldien lehiak ondorio bezala azken urteetako ekitaldietan Donostiara etorri diren izarren kopuruaren gutxiagotzea ekarri du. Halere, zinemak berak bereganatzen duen protagonismoa eta zinemaldian donostiarrek duten parte-hartzea ekitaldian parte hartu edo bisitatzen dutenentzako nolabaiteko erakargarri bat da. Gizartearen konpromisoa eta zinema independentearen babesa zinemaldiaren azken ekitaldietako ezaugarrietako batzuk bilakatu dira.

Historia

Victoria Eugenia antzokiaren eskaileretatik gora XX. mendeko izar ugari igo izan dira.
Alfred Hitchcock zuzendaria Donostiako zinemaldian birritan egon zen.

Ibilbidea

1953an Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren aurreneko ekitaldia izan zen, hiriko Merkataritza Elkarteak Nazioarteko Zinema Astea izenarekin sortu eta bultzatu zuenean. 1954an Ikuskizunetarako Ministerio Nazionala eta Informazio eta Turismo Ministerioa ekitaldiaren antolakuntzaren arduradun bilakatu ziren, eta honek Nazioarteko Zinemaldia izendapena bereganatu zuen. Bi erakundeak lehendabiziko ekitaldi horretan jasotako emaitzekin gustura eta etorkizuneko asmo gehiagorekin gelditu ziren. Aipatutako 1954ko bigarren ekitaldi horrek Nazioarteko Zinema Ekoizle Elkarteen Federazioaren (FIAPF) B maila (zinemaldi ez lehiakorra) eskuratu zuen, frankistar gobernuak zentsura arindu eta ekitaldian aurkeztutako filmei zenbait abantaila fiskal eman izana saritzeko asmoz.

1955an Zinemaldiak bere ikurretako bat den lehendabiziko Zilarrezko Maskorra saria Giussepe de Santis zuzendariaren Giorni d'amore filmari eman zion. Zinemaldiak film atzerritar bati emandako aurreneko saria izan zen. Hurrengo urtean, 1956an, FIAPF erakundeak ez zuen Zinemaldia onartu. Zinema esperientzia donostiar hura desagerraraz zitekeen laino beltzezko garaia etorri zen. Erregimen frankistak zinemaldi hark Espainiaren ikuspegi moderno eta hiritar bat islatu zezan zuen interesa ikusirik, Palmako udalak ere zinemaldi hura hiri hartara mugitzeko sekulako interesa agerrarazi zuen, une hartan Zinemaldiak jasaten zituen zalantza eta krisiak Donostian ospatzen zela aitzakiatzat jarriz. Halere, agintari frankistek Zinemaldiak Donostian jarrai zezan erabaki zuten, bai eta estatubatuar zinemagintzari ateak ireki ziezazkion ere.

Urrats erabakigarri horri esker, ekitaldiak behin-behineko bultzada jaso zuen. 1957an goreneko maila eman zitzaion, A maila (zinemaldi lehiakorra), eta Urrezko Maskorra sari nagusi bezala ezarri zen. 1958an, goreneko mailako lehendabiziko ekitaldi horretan, Dino Risi zuzendariaren La nonna Sabella italiar filma garaile suertatu zen. Hurrengoan, 1958an, Tadeusz Chmielewski zuzendariaren Ewa chce spac filma saritu zen. Erabaki horrek hika-mika ugari sortu zituen, haren aurka kalitate handiagoa zuen film bat lehiatu baitzen: Alfred Hitchcocken Vertigo filma, zeinak Donostian mundu mailako estreinaldi berezia izan baitzuen. Izar ugari etorri ziren; horien artean Kirk Douglas zegoen, eta pazientzia handiz jasan zuen Zinemaldiaren antolaketa eskasak prestaturiko programa nekagarria. Alfred Hitchcock bera ere itzuli zen, Zinemaldiak Hollywoodeko zinemagintzan erakutsitako interesaren sari. Nahiz eta Vertigo filmarekin nolabaiteko injustizia bat pairatu izan, Hitchcockek hurrengo urtean Donostian bere North by Northwest filma estreinatzeko hitza bete zuen; hala eta guztiz ere, berriro Urrezko Maskorrik lortu gabe gelditu zen.[5]

1957ko gorakadaren ondoren, 1963an Zinemaldiak A maila galdu zuen, nahiz eta hurrengo urtean berriz ere bereganatu zuen. 1980 eta 1984 urteen artean, indarkeria eta tentsio politiko handiko aldian, zinemaldiak krisi larria jasan zuen. Honen arduradun Diego Galán bihurtzean aurreko goreneko mailarako bideari berrekin zitzaion, eta Donostia Saria ezarri zen.

Donostiako Zinemaldia Europako sonatu eta ospetsuenetakoa da, betiere Canneseko Zinemaldia, Veneziako Mostra, Berlinale edota Karlovy Varyko Nazioarteko Zinemaldiekin batera. Bertatik zuzendari, aktore eta ekoizle handiak igaro izan dira, bai sariak jasotzeko nahiz beren filmak lehiaketatik at erakusteko ere. Urtero irailaren bigarren hamabostaldian egin ohi da, Sail Ofizialaz gain (Lehiaketakoa) beste hainbat sail gehitzen zaizkiolarik; adibidez, Zabaltegi, sail monografikoak eta atzera begirakoak, eta zinemagintzarekin zerikusia duten beste zenbait ekintza ere. Sail ofizialeko sariez gainbeste batzuk ere badaude; horien artean Donostia Saria nabarmentzen da (zinemagintzako ibilbide handiei eskainia).

Gaur egun ekitaldi hau Zinemaldia deritzon sozietate anonimo batek antolatzen du, eta bere akziodunerian hein berean parte hartzen dute Zinemagintza eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (Espainiako Kultura Ministerioa), Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak.

2001eko urtarriletik aurrera Zinemaldiaren zuzendaria Mikel Olaziregi gipuzkoarra da, Diego Galán ordezkatuz.[6] Zuzendari berriak Zinemaldiaren urte latzenetako batzuk bizi izan ditu. 2001. urtean, Zinemaldiaren bezperan, 2001eko irailaren 11ko atentatuak izan ziren, eta horren ondorioz, iparramerikar izarrak ez ziren bertaratu. 2003an greba egin zen ekitaldiaren gune garrantzitsuenetakoa den María Cristina Hotelean; hori zela-eta, bertan gertatu ohi den izarren bilgunea sakabanatu egin zen, eta izar horiei hiriko beste hoteletan eman zitzaien ostatu.

Woody Allen zuzendaria 2004ko Donostiako Zinemaldian "Melinda eta Melinda" filmaren aurkezpeneko prentsaurrekoan zehar.
Ikusleak Kursaal jauregiaren barnealdean.

Halere, 2004an Woody Allenek bere Melinda & Melinda filmaren mundu mailako estreinaldia Zinemaldiko 42. Ekitaldiko inaugurazio jaian zehar egin zuen,[7] eta hori mugarri historiko bat izan zen Zinemaldiarentzat, zuzendari newyorktarraren ohiko estreinaldi lekua zen Veneziako Zinemaldia Donostiak ordezkatu baitzuen. Bi ekitaldi eztabaidagarriren ondoren, 2005, 2006 eta 2008. urteetako 53, 54 eta 55. ekitaldiak Victoria Eugenia antzoki historikoaren berreskuratzeak positiboki markatu zituen, 2000. urtetik aurrera itxia eta berritze lanetan egon baitzen. Horrekin batera, Donostiara nazioarteko izar multzo bat etorri zen, hauen artean Samuel L. Jackson, Demi Moore, Roberto Benigni, Viggo Mortensen,[8] David Cronenberg edota Richard Gere nabarmendu daitezkeelarik. Izarrei ongietorria emateko hurbildu ziren donostiar eta gipuzkoarrez osatutako jendetzak aurreko ekitaldietako kopuruak osoki gainditu zituen, eta honela ordura arte ekitaldian zehar antzoki eta zinemetan gertatzen ez zen bezala, Zinemaldiak donostiarren onarpen herrikoia berreskuratu zuen. Dena dela, Zinemaldiaren ezaugarri nagusiena eta beste zinemaldietatik ezberdintzen duena, donostiarrak berak erakartzeko duen ahalmena da: hauek, ekitaldian zehar, lepo egin arte betetzen dituzte soilik Zinemaldiko filmak emititzen dituzten hiriko zinema aretoak, betiere hauetarako sarreren salneurriak nahiko merkatuak daudelarik. Maila Goreneko Nazioarteko Zinemaldien Zirkuituan ikuslegoaren oniritzirik handiena jasotzen duen Zinemaldia izan ohi da.

2008an Zinemaldiaren ibilbideko beste gorakada bat ematen da, Woody Allenen film berria aurkeztu zenean: Vicky Cristina Barcelona, zeinetan Woody Allen bera eta Javier Bardem agertzen baitira. Pedro Almodóvar zuzendariaren eskutik Antonio Banderasek Donostia Saria jaso zuen, eta Ben Stiller eta Robert Downey Jr. aktoreek arrakasta handiko Tropic Thunder filma aurkeztu zuten. Zinemagintzako perla edo harribitxi txikiak ere topa genitzake; adibide gisa, Marradun pijamako haurra (gaztelaniaz El niño del pijama de rayas) liburuaren zinema-egokitzapena. Sonako beste bisitari batzuk Donostia Sariaren irabazlea den Meryl Streep eta John Malkovich izan ziren.[9] Beharbada 2007an Hollywoodeko akademiaren izendapena jaso eta Pagafantas bere azken filma amaitu berria zuen Borja Kobeaga zuzendariaren egotea faltan bota zen.

Donostiako Zinemaldia erdi maila on batean egonkortu da, eta mundu osoko zinemagintzako profesionalek goraipatzen dute. Bere aurrekontua, gaurko egunez, Espainian egiten diren zinemaldi guztietan handiena da (urteko 6,5 milioi euro inguru), babesleen diru-sarrerari eta Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak emandako diru-laguntzei esker erdi eta erdi finantzatzen da. Azken horren baitan dagoen Espainiako Zinemagintza eta Ikus-entzuneko Arteen Institutuak (gaztelaniazko laburdura: ICAA) espainiar zinemaldien finantzaketarako sostengu gisa eskaintzen duen bere aurrekontu osoaren (2.200.000 euro) erdia Donostiako Nazioarteko Zinemaldira zuzentzen da, gainontzeko diru kopurua beste 41 zinemaldiei ematen diela.[10]

Gizarte- eta politika-arloko tentsioen lekuko

Euskaldunon Egunkaria ixtean, Zinemaldian egindako protesta

2008an, ekitaldia abian zen bitartean ETAk Espainiako Kantabria erkidegoan Luis Conde de la Cruz militarra hil eta gero, Donostiako Zinemaldiko zuzendaritzak atentatua gaitzesteko eta ETAren aurkako mezua plazaratu zuen. Mezu hura film proiekzio batzuen hasieran irakurri zuten. Hurrengo urtean, berriz, Donostiako Zinemaldiaren 57. ekitaldian, Euskal Herriko zinemagintzako eta kulturako hainbat eragilek Euskaldunon Egunkariaren itxiera gaitzesteko protesta jarduna egin zuten Kursaal jauregiaren aurrealdean.

2014ko ekitaldian, Gure Esku Dago herri mugimenduaren ekimenez Kursaal jauregiaren aurrean Euskal Herriaren Erabakitze Eskubidearen aldeko giza katea osatu zen. 2016ko irailaren 16an, inaugurazio ekitaldia hasi eta berehala, ikusleen artean zeuden hainbat lagunek Ibon Iparragirre ondarrutar presoa eta gainontzeko gaixo dauden euskal preso politikoak etxeratzearen aldeko[11] nahiz Erraustegiaren aurkako protestaldi eta oihuz ikuskizuna lauetan eten zuten.[12]

Sailak

Donostiako Zinemaldia hainbat sailez osaturik dago. Sail horiek eraldatu egin dira urteen joanarekin, eta 2010eko hamarkadan hartu zuten gaur egun duten itxura, bereziki 2018an, jaialdiak bere marka berritu zuenean.

Kursaal jauregia eta Zurriola zubia.

Lehiaketako sailak

Sail Ofiziala

Sail Ofiziala da zinemaldiaren lehiaketa nagusia, hedabideek arretarik handienez jarraitzen dutena eta, nolabait, jaialdi bakoitza definitzen duena. Publikoan erakutsi gabeko film luzeak hautatzen dituzte han parte hartzeko (ekoitzi diren herrialdean estreinatutakoak soilik onartzen dira).[13] Sail Ofizialean lehiatzen diren film luzeek Urrezko Maskorra jasotzeko aukera dute; epaimahai ofizialak baloratzen eta saritzen ditu filmok. Halaber, lehiaketaz kanpoko filmak eta proiekzio bereziak ere aurkezten dituzte; azken urteetan, ohikoa da telesailen bat izatea tartean. Gaur egun, hogei bat lanek osatu ohi dute Sail Ofiziala.

New Directors

Kursaalerako sarrera Zinemaldian zehar.

Donostiako Zinemaldiak 1970eko hamarkadaz geroztik dauka zinemagile hasiberriei eskainitako sail bat, nahiz eta izen eta egitura bat baino gehiago izan dituen ordutik. 2012an, Zabaltegi sailetik atera, eta sail autonomo bihurtu zuten Zuzendari Berriak.[14] 2018az geroztik, ingelesezko New Directors izena du ofizialki. Zinemagileen lehen edo bigarren film luze erakutsi gabeen nazioarteko lehiaketa da; zinemaldiko lehiaketarik garrantzitsuenetan bigarrena. Saileko film guztiak hautagai dira Kutxabank-New Directors saria irabazteko, baita Gazteriaren saria lortzeko ere.

Horizontes Latinos

Zinemaldiak 2003. urtean sortu zuen saila.[15] Gaur egun, ezaugarri hauetakoren bat betetzen duten eta Espainian erakutsi gabeak diren urteko film luzeen hautaketa bat jasotzen du: filmok Latinoamerikan ekoitziak izan behar dute, erabat edo partzialki; zuzendariek latinoamerikar jatorrikoak izan behar dute; edo munduko beste inguru batzuetako komunitate latinoak izan behar dituzte hizpide.[16] Saileko film guztiak Horizontes saria lortzeko lehiatzen dira. Zuzendariaren lehen edo bigarren lana izanez gero, Gazteriaren saria lortzeko hautagai ere badira.

Zabaltegi-Tabakalera

Zabaltegi saileko filma emanaldirako sarrera Kursaal jauregian.

Zinemaldiaren sail historikoetako bat da Zabaltegi, 1985ean sortua, eta azpisail ugari bildu izan ditu urteetan (Zuzendari Berriak, Perlak, emanaldi bereziak...). 2016. urtean eman zioten gaur egun duen itxura: autonomoa da, Tabakalera du egoitza nagusi (izenean ere ageri da zentroa), eta lehiaketa bat da.[17] Jaialdiko antolatzaileen hitzetan, lehiazko sailen artean irekiena da, ez baitu estilo edo denbora mugarik: aurkeztu daitezke film laburrak, ertainak, luzeak, fikziozkoak, ez-fikziozkoak, telesailak... «Begirada eta molde berriak bilatzen dituen zinemak» du lekua han.[18] Film guztiak hautagaiak dira Zabaltegi-Tabakalera saria irabazteko.

Perlak

Sail autonomoa da 2013. urteaz geroztik (aurrez, Zabaltegiko azpisail bat zen). Espainian erakutsi gabeko urteko film luze nabarmenen aukeraketa bat jasotzen du. Nazioarteko zinema jaialdi batzuetan saritutako eta goraipatutako lanak izan ohi dira. Filmok Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko hautagai dira: ikusleek erabakitzen dute zein film saritu beren botoen bidez.[19]

Nest

Donostiako Zinemaldian zinema ikasleentzat egiten den film laburren nazioarteko lehiaketa da Nest. Topaketok 2002an sortu zituzten,[20] eta 2018an jaso zuten Nest izena.[21] Mundu osoko zinema eskoletako ikasleak biltzen dira Donostian, beren lanak aukeratuak izan ondoren, eta parte hartzen dute film laburren emanaldietan, solasaldietan eta industriako profesionalen eskola magistraletan. Film horien artean banatzen da Nest The Mediapro Studio saria. Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarrekin antolatzen dute saila, eta hura da egoitza nagusia.

Lehiaketatik kanpoko sailak

Zinemira

Euskal zinemari eskainitako saila da, eta 2009tik antolatzen dute. Ordura arte, Euskal Zinemaren Eguna egon ohi zen Zinemaldian, eta, sailaren bidez, euskal zinemaren presentzia areagotu zuten. Donostiako Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, Euskadiko Filmategiarekin, EPE-Ibaiarekin eta Zineuskadirekin lankidetzan.[22]

Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian izateko, filmek (ez soilik Zinemirakoek, baizik eta edozein sailetakoek) honako baldintza hauetakoren bat bete behar dute: Zinemaldiaren barruan mundu mailan estreinatzea; gutxienez ekoizpenaren %20 Arabakoa, Bizkaikoa edo Gipuzkoakoa izatea; hizkuntza nagusia euskara izatea; edo euskal komunitatea gaitzat izatea.[23]

Zinemira sailaren barruan, Kimuak katalogoko film laburren aukeraketa ere izaten da. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimena da, eta haren helburua da urteko euskal film labur nabarmenenak nazioartean zabaltzea. Saio hori profesionalentzat bakarrik da.[24]

Zinemira sailaren barruan antolatzen da Euskal Zinemaren Gala, Victoria Eugenia antzokian, eta gala horretan banatzen dute Zinemira saria, euskal zinemari egindako ekarpenarengatik norbanakoei eta erakundeei ematen dieten ohorezko saria.[25]

Culinary Zinema

Donostiako Zinemaldiak 2011n sortu zuen Culinary Zinema saila, Berlinalerekin elkarlanean, eta Basque Culinary Centerrekin lankidetzan antolatu du ordutik. Gastronomiarekin zerikusia duten filmen hautaketa bat izaten du, eta proposamen bakoitzari loturiko afari tematiko bat.[26]

Made in Spain

Lehiaketaz kanpoko sail honetan, urte barruan Espainian egindako zinemaren isla diren filmen aukeraketa bat eskaintzen da. Espainian estreinaturiko zein estreinatu gabeko lanak izan daitezke.[27]

Oliver Stone, 2006ko ekitaldian World Trade Center bere filma Belodromoan aurkezten.

Belodromoa

Estreinaldi handietarako sail herrikoia da: filmak 400 metro koadroko pantaila batean proiektatzen dira, ia 3.000 ikus-entzulerentzat prestatutako areto batean, Anoetako belodromoan.[28]

Gainera, goizero, Zinemaldiak ikastetxeekin aurrez hitzartutako programa bat jartzen du abian Belodromoan; filmak pantaila handian eta euskaraz proiektatzen dira. 2019tik zientziari lotutako gaiak izan ditu, eta DIPC Donostia International Physics Centerreko zientzialariek egiten dituzte aurkezpenak.[29]

Atzera begirakoak

Atzera begirakoak Donostiako Zinemaldiaren nortasunaren parte izan dira ia hasieratik, orduan, 1959an, René Clair zinemagileari eskaini baitzitzaion lehena. Ordutik hona, Zinemaldiak egile klasiko edo garaikide baten inguruko zikloak programatu ditu, baina hainbat zuzendari ere bildu izan ditu zinema gai, garai edo hizkuntza zinematografikoen inguruko atzera begirakoak programatzeko.

Klasikoak

2018an sortu zen Klasikoak, zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituen saila.[30] Tabakalerako zinema aretoan aurkezten dituzte filmak, bertsio zaharberrituan proiektatuta.

Film sorpresa

Donostia Zinemaldiak film sorpresa bat programatzeko antzinako ohitura berreskuratu zuen 2019an. Ordutik, honako film hauek proiektatu dituzte: Joker (Todd Phillips, 2019), Sportin' Life (Abel Ferrara, 2020), Spencer (Pablo Larraín, 2021), Blonde (Andrew Dominik, 2022) eta The Killer (David Fincher, 2023).[31]

Industriako jarduerak

Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa

Donostiako Zinemaldiak Europa-Latinoamerika lehenengo Koprodukzio Foroa jarri zuen abian 2012an. Honako hauek ditu helburu nagusi: ikus-entzunezko proiektuen garapena bultzatzea, profesionalen arteko lankidetza sustatzea eta nazioarteko merkatu berrietan sarrera bultzatzea.[32] Zenbait sari banatzen dituzte aurkeztutako proiektuen artean.

WIP Latam

Ikus-entzunezkoen merkatuaren produkzio eta banaketa testuinguru aldakorra dela kontuan hartuta, 2020an Zinemaldiak work in progress berri bat bultzatu zuen: WIP Latam, postprodukzio fasean dauden Latinoamerikako produkzioei zuzendua. Zinemaldian hemezortzi urteko ibilbidea egin zuen Zinema Eraikitzen saila ordezkatu zuen. Sei film hautatzen dituzte sailean parte hartzeko, eta WIP Latam Industriaren Saria ematen diote haietako bati.[33]

WIP Europa

Nagusiki Europako produkziokoak diren filmei zuzenduta dago WIP Europa (Glocal in Progress zenaren bilakaera). Postprodukzio fasean dauden gehienez sei film aurkezten dizkie profesionalei (ekoizleei, banatzaileei, salmenta agenteei eta programatzaileei), laguntzeko filmok amaitzen eta nazioartean banatzen. Lan horiek WIP Europa Industria Saria irabazteko hautagai izango dira.[34]

Lau Haizetara

Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa 2005. urtean antolatu zuten lehen aldiz Donostiako Zinemaldiak eta Ibaia ekoizle elkarteak.[35] Elkargune bat da dokumental proiektuak ezagutzera emateko finantzatzaile izan daitezkeenei eta ikus-entzunezko sektoreko adituei.[36]

Zinemaldia bisitatu duten aktore eta zuzendari ospetsuak

Aktoreak

Zuzendariak


Sariak

Donostiako Zinemaldiak sari ugari banatzen ditu urtero. Batzuk sari ofizialak dira, eta jaialdian parte hartzen duten filmei edo film proiektuei ematen dizkiete, haien bidean laguntzeko asmoz; beste batzuk, berriz, ohorezkoak dira, eta pertsonek edo eragileek jasotzen dituzte, haien ibilbidearen aitortza gisa.

Bahman Ghobadi zinemagilea, Urrezko Maskorra eskuetan duela, Donostiako 54. Zinemaldian, 2006an.

Sari ofizialak

Epaimahai ofizialak, Sail Ofizialeko filmak baloratzen dituenak, sari hauek eman behar ditu nahitaez:

Epaimahai ofizialak sari berezi bat emateko aukera du. Urrezko Maskorra ezin du ex aequo eman.[37] 2021era arte, interpretazio sariak sexuaren arabera bereizten zituzten: gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra banatzen zituzten.[38]

Beste sailetako sariak

  • Kutxabank-New Directors saria
  • Horizontes saria
  • Zabaltegi-Tabakalera saria
  • Donostia Hiria Publikoaren Saria
  • Nest The Mediapro Studio saria
  • Euskal Zinemaren Irizar saria
  • Culinary Zinema saria
  • Gazteriaren Dama saria
  • Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko sariak
  • WIP Latam sariak
  • WIP Europa sariak
  • Sebastiane saria

Ohorezko sariak

Donostia saridunak

Sakontzeko, irakurri: «Donostia Saria (Zinemaldia)»

Honako aktore eta zinemagile hauek jaso dute Donostia saria.[39]

Egoitzak

Victoria Eugenia antzokiaren aurrealdea.

Zinemaldia Donostiako hainbat lekutan gertatzen da. Antolakuntzaren bulegoak Tabakaleran daude, eta lantaldeak urte osoz egiten du lan iraileko jaialdia eta urteko gainontzeko ekintzak prestatzen.[40]

Jaialdi egunetako gunerik esanguratsuenak hauek dira:[41]

Auditoriumean Sail Ofizialeko filmak proiektatzen dira, eta han egin ohi dituzte inaugurazio eta amaierako galak eta sari banaketa ekitaldia. Ganbara aretoan, New Directors eta Horizontes Latinos sailetako filmak proiektatzen dituzte batez ere. Kursaaleko gainontzeko aretoetan industriako jarduerak izaten dira.
Zinemaldiaren egoitza nagusia izan zen 1999. urtera arte. 1953az geroztik, bertatik nazioarteko zinemaren izar nagusiak igaro dira. Gaur egun, han egiten dituzte Perlak saileko emanaldiak, zeinetan ikusleek botoa ematen baitute.
  • Antzoki Zaharra
Hiriko antzoki zaharrena da, 1843an sortua. Nagusiki prentsa emanaldiak egiten dituzte han.
2015eko irailean bere ateak ireki zituenetik, kultura garaikideko zentroak zenbait sail hartu ditu bere aretoetan: Zabaltegi-Tabakalera, Nest eta Klasikoak sailak, eta Pentsamendua eta Eztabaida eremuko jarduerak, besteak beste.
Donostiako Parte Zaharreko Zuloaga plazan daude, San Telmo museoarekin parez pare. Areto horietan, sail askotako filmak ematen dituzte. Emanaldi ugari izaten dira, halaber, hiriko beste bi zinema areto komertzialetan: Groseko Trueba zinemetan eta Antiguako Antiguo Berrin.
Maria Cristina hotelaren ikuspegia Okendo plazatik.
1986ko Zinemaldian, Oliver Stone zuzendariaren Salvador filma izan zen belodromoan jendaurrean eta pantaila erraldoian proiektatu zen lehenbizikoa, eta ordutik emanaldi jendetsuak antolatzen dituzte urtero, helduentzat zein haurrentzat.
Nahiz eta Zinemaldiaren berezko gune bat ez izan, Zinemaldira datozen izarrei ostatu emateak interes bereziko toki bilakatzen du. Bere luxuzko gela eta egongeletatik azken garaietako nazioarteko zinemagintzako pertsonaia nabarmenak igaro dira.

Zinemaldia urte osoan

Donostiako Zinemaldia, urtero irailean antolatzen den bederatzi eguneko jaialdia ez ezik, urte osoan jardunean dagoen eragile bat ere bada. Jardun horren bidez, zinemari buruzko prestakuntza eta ezagutzaren transmisioa sustatzea dira haren helburu nagusiak, zinema proiektuak garatzen laguntzeko eta ikerketa eta dibulgazioa bultzatzeko. Antolatzaileen hitzetan, «Zinemaldia ekitaldi gisa» gauza bat da, eta «Zinemaldia erakunde gisa», beste bat.[42] Erakundearekin identifikatzen duten zati horri Z365 eremua edo Urte Osoko Zinemaldia esaten diote.

Zinemaldiak bere buruaz egin duen gogoetaren emaitza da bide hori, antolatzaileen arabera.[43] 2015ean bulegoak Tabakalerara eraman zituztenetik, jaialdiak lotura estua du Tabakalerako kultura proiektuarekin eta Euskadiko Filmategiarekin, eta horrek berak lagundu dio erakundeari eraldatzen.

Hezkuntza eta ikerketa

2017. urtean, Elias Querejeta Zine Eskola sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Zinemaldiarekin, Tabakalerarekin eta Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan.[44] Zinemaldiak eskolaren kontzeptualizazioan parte hartu zuen, zuzendaritza akademikoaren parte da, eta hasieratik izan du berari buruzko ikasgai bat eskolan.

Zinemaren inguruko ikerketa lanak sustatzeko eta zabaltzeko asmoz, ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak argitalpen digitala sortu zuten Elias Querejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak elkarrekin 2021ean.[45] Arlorako ekarpen garrantzitsu mota oro onartzen duen arren, ZINE-ren helburu nagusia da euskal zinemari eta ikus-entzunezkoen kulturari buruzko begirada berriak proposatzen dituzten lanak babestea eta argitaratzea.[46] Zenbaki guztiek CC BY-NC-ND lizentzia dute, eta doan deskargatu daitezke eskolaren webgunean.

Artxiboa

Elias Querejeta Zine Eskolaren lehen ikasturtean, Zinemaldiak egitasmo bat martxan jarri zuen han bere buruaren historia ikertzeko: Zinemaldia 70: historia posible guztiak.[47] Urtez urte gordetako funts dokumental guztia katalogatzea, kontserbatzea, ikertzea eta publiko zabalarentzat eskuragai jartzea zen haren xedea, eta lan horren lehen fasea 2022. urtean itxi zuten, Zinemaldiaren 70. urteurrenean, webgune baten aurkezpenarekin: Artxiboa.[48]

4.000 dokumentu digitaletik gora bildu dituzte atari horretan: Zinemaldiaren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki baino gehiago, Zinemaldiko egunkarien 711 zenbaki, ia edizio guztietako 350 bat kartel eta bestelako hemeroteketatik jasotako dokumentuak. Horrez gain, 27.000 deskripzio fitxa baino gehiagoko katalogo bat ere badu webguneak, eta irakaskuntzarako zein ikerketarako behar dituztenek eskatu dezakete bilduma horretarako sarbidea.[49] Bilduma digital hori zabaltzen eta hobetzen ari dira gaur egun ere.

Gainera, artxiboaren ikerketa sustatzeko, Donostiako Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak ikerketa beken programa bat abiatu dute, Jose Angel Herrero-Velarde izenekoa.[50]

Ikusmira Berriak

Zinemaldiak badu Ikusmira Berriak izeneko egonaldi programa bat, zeinaren helburu baita laguntzea ikus-entzunezko proiektu berritzaileak lantzen ari diren zinemagileei. 2015. urtean sortu zuten, Tabakalerarekin eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin elkarlanean, eta Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan. 2018az geroztik, Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatzen dute.[51]

Euskal Herriko hainbat zinemagilek garatu dituzte beren lanak egonaldi horietan: Maider Oleagak (2015), Mikel Gurreak (2016), Aitor Merinok (2016), Maider Fernandez Iriartek (2017), Arantza Santestebanek (2018), Aitziber Olaskoagak (2019), Jaione Cambordak (2020), Marina Palaciok (2021), Irati Gorostidi Agirretxek (2022), Maddi Barberrek (2023), David Pérez Sañudok (2023), Maria Elorzak (2024) eta Mikele Landa Eigurenek (2024).[52]

Pentsamendua eta Eztabaida

Donostiako Zinemaldiak duen zeharkako sail bat da Pentsamendua eta Eztabaida, eta haren helburua da nazioarteko jaialdiek eta kultura zinematografiko garaikideak dituzten erronkei erantzutea.[53] Horretarako, Zinemaldiak lau ildo estrategiko zehaztu ditu: sorkuntza, industria, lurraldea eta erkidegoa.[54]

Alde batetik, Pentsamendua eta Eztabaida arloak urte osoan aztertzen du jaialdia, genero identifikazioaren eta ingurumenaren ikuspegitik bereziki. Bestetik, Hizketaldiak izeneko atala antolatzen du iraileko jaialdian, ildo estrategikoen inguruko elkarrizketa sustatzeko.[55]

Dibulgazioa

Donostiako Zinemaldiak urte osoan programatzen ditu filmak Tabakalerako zineman, Zinemaldia + Plus izeneko fokuaren bidez, 2020az geroztik. Hilean emanaldi bat antolatzen dute, jaialdiaren eta bere intereseko arloen arteko harremanean sakontzeko asmoz.[56]

Koldo Mitxelena kulturuneak saio batzuk antolatzen ditu Zinemaldiarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean, Zinemagileen arteko elkarrizketak izenekoak. Saio horietan, zinemagileen eta haien konplizeen arteko elkarrizketak izaten dira (gidoilariak, muntatzaileak, konpositoreak, ekoizleak, belaunaldikideak...), eta zinema sorkuntzaren barruko istorioen berri kontatzen dute.[57]

Zinemaldiko zuzendariak

Erreferentziak

  1. Nazioarteko Zinema Ekoizleen Federazioaren webgunea
  2. San Sebastián Film Festival (1958). Internet Movie Database (Noiz kontsultatua: 2008).
  3. www.imdb.com
  4. Javier Bardem - Donostia-San Sebastián International Film Festival
  5. Berria: Artista artisautzat jo zuten[Betiko hautsitako esteka]
  6. Berria: Zinemaldia 2009[Betiko hautsitako esteka]
  7. Melinda & Melinda filmaren webgune ofiziala
  8. Berria: Roberto Benigni, iristen azkena[Betiko hautsitako esteka]
  9. Berria: 'The other man' filmarekin hasiko da gaur Zinemaldia[Betiko hautsitako esteka]
  10. El País espainiar egunkarian argitaratutako berria. gaztelaniaz, 2008ko maiatzaren 30a.
  11. Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldia lau aldiz eten dute gaixo dauden presoen aldeko oihuekin. 2016ko irailaren 16, Berria.info
  12. Preso gaixoen aldeko oihuek eten egin dute Zinemaldiaren hasiera. Inaugurazio ekitaldia 5 minutu etenda egon da, hiru pertsonak ETAko preso gaixoen alde eta Zubietako erraustegiaren aurka egindako oihuak direla eta. 2016ko irailaren 19a, eitb.eus
  13. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  14. (Gaztelaniaz) «Festival de San Sebastián» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  15. (Gaztelaniaz) «Horizontes latinos nueva sección del Festival de San Sebastián» PRODU 2003-04-23 (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  16. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  17. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  18. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  19. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  20. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  21. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  22. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  23. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  24. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  25. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  26. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  27. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  28. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  29. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  30. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  31. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  32. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  33. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  34. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  35. «[:esForo Lau Haizetara 2024[:en]2024 Lau Haizetara Forum[:eu]2024 Lau Haizetara Foroa[:]»] ibaia (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  36. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  37. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  38. «Donostiako Zinemaldiak ez du sexuaren araberako bereizketarik egingo interpretazio sarietan» Berria 2021-06-22 (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  39. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  40. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  41. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  42. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
  43. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  44. «2018ko irailean hasiko du bere lehen ikasturtea Elias Kerejeta Zinema Eskolak» Berria 2017-07-12 (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  45. «Zinema-ikerketak zabaltzea du xede 'ZINE' argitalpen digitalak» Berria 2021-04-01 (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  46. (Gaztelaniaz) [email protected], Elías Querejeta Zine Eskola |. «Elías Querejeta Zine Eskola - EQZE | ZINE |» Elías Querejeta Zine Eskola (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  47. «Jaialdi baten historia «bizia»» Berria 2018-05-03 (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  48. «Donostiako Zinemaldiaren artxibo osoa jarri dute ikusgai» Berria 2022-12-14 (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  49. «Donostiako Zinemaldiaren artxibo osoa jarri dute ikusgai» Berria 2022-12-14 (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  50. «José Ángel Herrero-Velarde ikerketa-bekak» Artxiboa (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  51. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  52. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  53. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  54. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  55. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  56. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  57. (Gaztelaniaz) «Festival de San Sebastián» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  58. (Gaztelaniaz)MARAÑA SANCHEZ, Félix.- Gasca Burges, Luis : San Sebastián y la imagen Auñamendi Eusko Entziklopedian[kontsulta data: 2021-07-06]

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia
  • Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren webgune ofiziala (Gaztelaniaz) (Ingelesez)
  • Donostiako Zinemaldiaren Artxiboa
  • FIAPF erakundearen A mailako sailkapenan dauden mundu osoko zinemaldiak (Ingelesez)
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q622423
  • Commonscat Multimedia: San Sebastian International Film Festival / Q622423

  • Identifikadoreak
  • WorldCat
  • VIAF: 124988522
  • LCCN: n88195644
  • SUDOC: 167595792
  • Wd Datuak: Q622423
  • Commonscat Multimedia: San Sebastian International Film Festival / Q622423


Donostia Donostiako urteroko kultura jaialdi eta ekitaldiak Donostia

Surfilm Festibal · Zinemaldia · Musika Hamabostaldia · Beldurrezko Astea · Literaktum · Jazzaldia · Giza eskubideen Zinemaldia · Film laburren lehiaketa

  • i
  • e
  • a
Donostiako leku interesgarriak
Ataria
Atari:Donostia
Parte Zaharra
Abuztuaren 31 kalea · Bretxako azoka · Donostiako portua · Donostiako harresiak · Esterlines kalea · Fermin Kalbeton kalea · Goikoa jauregia · Jesusen Bihotza · Kale Nagusia · Narrika kalea · Nautikoko kaia · Portu kalea · Raimundo Sarriegiren plaza · San Bizente eliza · Santa Maria basilika · Santa Teresa komentua · Trinitate plaza · Udaletxe Zaharra · Urgulleko gaztelua · Zuloaga plaza
Eraikin eta leku nabarmenak
Plazak
Aita Donostia plaza · Amerika plaza · Artzain Onaren plaza · Bilbo plaza · Bulebarra · Easo plaza · Europa plaza · Gipuzkoa plaza · José María Sert plaza · Katalunia plaza · Okendo plaza · Pio XII.a plaza
Kaleak
Aiete pasealekua · Antso Jakitunaren hiribidea · Askatasunaren etorbidea · Ategorrieta hiribidea · Easo kalea · Eduardo Txillida pasealekua · Foruen pasealekua · Gernikako Arbolaren pasealekua · Jose Elosegi Alkatearen hiribidea · Karlos I.aren hiribidea · Kontxako pasealekua · Itsasargi pasealekua · Madril hiribidea · Mandasko Dukearen pasealekua · Mirakontxa pasealekua · Nafarroa hiribidea · Pasealeku Berria · San Martin kalea · Tolosa hiribidea · Urbieta kalea · Zurriola etorbidea
Museoak eta Kultur-etxeak
Monumentuak
Aita Mariren monumentua · Bakearen Usoa · Bulebarreko erlojua · Bulebarreko kioskoa · Eraikuntza Hutsa · Estela · Jesusen Bihotza · Haizearen Orrazia · Izenbururik Gabe · Omenaldia Flemingi
Parkeak
Kirol instalakuntzak
Garraioa
Euskal Herriko leku interesgarriak
Baionako leku interesgarriak · Bilboko leku interesgarriak
Donibane Garaziko leku interesgarriak · Iruñeko leku interesgarriak
Gasteizko leku interesgarriak · Maule-Lextarreko leku interesgarriak