Kriptokokosi
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Kriptokokosi | |
---|---|
Cryptococcus neoformans legamia (gorri kolorekoa) gaixo baten birika-ehunean | |
Deskribapena | |
Mota | opportunistic mycosis (en) , Mikosia, gaixotasun immunologikoa eritasuna |
Espezialitatea | infektologia |
Arrazoia(k) | Cryptococcus neoformans Cryptococcus gattii |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | itraconazole (en) , natamycin (en) , 5-fluorocytosine (en) , B anfoterizina eta Flukonazol |
Identifikatzaileak | |
DiseasesDB | 3213 |
MedlinePlus | 001328 |
eMedicine | 001328 |
MeSH | D003453 |
Disease Ontology ID | DOID:12053 |
Kriptokokosia Cryptococcus neoformans onddo patogenoak eragiten duen gaixotasuna da, mikosi mota bat dena. Onddo mikroskopikoa (legamia) da aipatutakoa, eta oportunista; horrek esan nahi du infekzio larriak sortzen dituela immunitate-sistema ahula duten pertsonengan, batez ere (HIESa dutenengan, adibidez).
Infekzioa
Onddoa arnas-bidetik sartu ohi da gorputzean, inhalatzen denean. Legamia hori ugaria da lurrean, batez ere hegaztien gorotzez kutsatutako lurzoruetan [1]. Mikrobioa biriketara iristen da, eta bertan gizabanako osasuntsuengan infekzio azpi-klinikoa (hots, sintomarik gabekoa) garatzen du. Immunitate-sistema gailentzen zaio onddo oportunista horri eta, egoera normalean, gaixotasuna ez da garatzen.
Gizabanako immunogutxituengan, ordea (HIESa dutenak, botika immunosupresoreak hartzen dituztenak...) Cryptococcus neoformansek bizirik dirau eta arnas-bidean bronkitisaren antzeko koadro klinikoa eragiten du. Horretaz gain, onddoa odolera irits daiteke eta hortik gorputzeko atal ezberdinetara hedatu.
Sintoma klinikoak
Infekzioak, odolaren bidez hedatua, gorputzeko hainbat atal kaltetu ditzake:
- biriketako kriptokokosia: gaixoek bronkitisaren antzeko sintomak dituzte [1].
- nerbio-sistemaren kriptokokosia: meningitisa sortzen du. HIESaren gaixoen artean meningitis mota honek 600.000 hildako eragin zituen mundu osoan 2009an soilik [2]. Meningitisaren ohiko sintomak (sukarra, zefaleak, buru-nahasmendua, garondo-zurruntasuna...) dira gaitzaren zantzuak. Meningitis horren eboluzioa meningitis birikoaren baino askoz motelagoa da.
- larruazaleko kriptokokosia: larruazaleko ultzerak agertzen dira legamia gaiztoa larruazalera iristen denean.
- kriptokokosi sistemikoa: beste organo batzuk (gibela, barea...) kaltetzen direnean
Diagnostikoa eta tratamendua
Meningitis dagoenean likido zefalorrakideoaren azterketak (txinatar tinta erabiliz) legamia patogenoaren zelulak agerian jarriko ditu, diagnostikoa egiaztatzeko balio duena. Arnas-aparatutik hartutako laginen (karkaxak, esaterako) azterketa mikroskopikoak ere berdin balio du. Hemokultiboa ere batzuetan positiboa izango da, baina ez beti.
Tratamenduari dagokionez, B anfoterizina 5-fluorozitosinarekin konbinatu ohi da (zain barneko bidetik aplikatuz). Flukonazola aukerako botika da.
Erreferentziak
- ↑ a b Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 306-307 orr.
- ↑ Park BJ, Wannemuehler KA, Marston BJ, Govender N, Pappas PG, Chiller TM Estimation of the current global burden of cryptococcal meningitis among persons living with HIV/AIDS AIDS, 2009;23:525-530
Kanpo estekak
- Datuak: Q1470140
- Multimedia: Cryptococcosis / Q1470140